



Arabako Errioxa ondo mugatutako eskualdea          dugu, iparraldean Toloño-Kantauri Mendikatearen harresi naturala          eta hegoaldean “beste” Errioxarekin muga egiten duen Ebro ibaia          dituela. Oso antzinatik populatua, Euskal Herriko trikuharririk interesgarrienetako          batzuk aurkituko ditugu inguru honetan (“Sorginaren Txabola”          izenekoa kasu), edota historiaurreko herrixka oso baten hondarrak (La          Hoya aztarnategian). Bertako klima leuna eta orografia lau samarra lagungarri          izan ziren erromatarrak bertan gera zitezen, eta horren ondorio dira esaterako,          Mantibleko Zubi ikusgarriak, beste aztarna askorekin batera. Baina batez          ere, ikusiko ditugun monumentu gehienak erdi arokoak izango dira, garai          horretan Gaztela eta Nafarroaren arteko liskar-gai zelako zonalde hau:          Biasteri, Bastida, Buradon-Gatzaga, Urizaharra... denak gotorleku garrantzitsuak          ziren. Izan ere, zalantzarik gabeko kokapen estrategikoaz gain, ziur gaude          orduko jauntxo eta erregeen gogoan zegoela bertan sortzen den ardo bikainaren          ekoizpena kontrolatzea ere. Kontuan izan behar da Arabako Errioxak hartzen          dituen 316 km2etatik 80 inguru bertako mahasti ospetsuez estalirik daudela,          urtero 30 milioi litro ardo bikain sortuz. Berau dastatu nahi baduzue,          herri gehienetan bisita daitezkeen upelategi edo bodegak aurkituko dituzue.